XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) zein baino zein lehenago iritsi.

- Zergatik ibaia? galdetu nion.

- Ibaia da zaldien paradisuan espaziorik ederrena erantzun zidan, doinua aldatzeke.

Hitz egiten jarraitu zuen:

- Noiz edo noiz, inoiz gutxitan, ametsetako behorra belarretan etzanda geldituko zait eta orduan ez naiz esnatzen.

- Zer egiten duzu horrelakoetan? galdetu nion, kazetariaren jakinminak akuilaturik.

- Amets batean ibili nahi ez duela agertzen bazait behorra, hurrengo egunean ez dut lasterketarik jokatuko.

- Gaiso nagoela esango dut, lotsagabe ondotxo dakit-eta ez dudala lasterketarik irabaziko.

Hori esan ondoren ni leihotik begira, baina ez nuen zaldirik ikusi han, Madrilgo erdiko kale zabal batean.

Elkar agurtu eta joan egin zitzaidan Antonio Muñoz zaldizko ospetsua.

Presaka zela esan zidan eta ezin zuela, beraz, galdera gehiagori erantzun.

Bakarrik geratu nintzen eta bakarrik geratu izan naizen guztietan bezala, pentsakor, burumakur, arima uzkur.

Ez nuen asmatzen zein aldea zegoen errealitatearen eta ametsaren artean.

Ordaindu eta jatetxetik aldegin nuen, ez hona eta ez hara, ez nora eta ez inora.

Euria ari zuen, euri ziria, maxkala.

Ibili eta ibilita Bilbao Plazan dagoen zinema baten parera iritsi nintzen. Filme amerikar bat ipintzen zuten, Zaldi deitzen den gizona izenburu.

Bertaratu eta loak hartu ninduen, aulkian ipurdi habia egiten hasi orduko.

Amets egin nuen.